PAX AVANT
  | LOGIN | | Español | Euskara | Français | English |  
Pax Avant ibilbidea
“Pax avant ibilbidea”,
mendiak batzen dituen bi bailaratako historian,
herrian eta kulturan barrenako ibilaldia
 
“Pax avant ibilbideak” antzina elkarrekin etsaituta zeuden bi bailara batzen ditu
Erronkari bailara Nafarroako Pirinioetan ekialdeen dagoen bailara da (Espainia). Mendi garaien artean “ahokatuta” egoteak berezkoak dituen kultura ezaugarri batzuk izatea –horietako batzuk oraindik ere bizirik daude- eta Frantziako aldean, Baretos bailaran, dituen bizilagunekin ohiko harremana izatea ekarri dio.
Baretos bailara Biarno Garaiko bailara da (Frantzia), eta kontraste handiko itxura du: batetik, Pirinioetako gailurrak daude, eta bestetik, Oloroeko mendi hegala. Erronkarin bezala, kulturen, hizkuntzen eta ohituren indarra nabaria da etengabe. Bertako herri txikiek Biarnoko nortasunaren aztarnak gordetzen dituzte, kultura desberdintasun txikien mosaiko aberatsa.
Garai batean mendia muga eta liskarretarako arrazoi izan bazen ere, duela mende batzuk, bi bailara horien arteko batasun eta topagune izateko nahiaren sinbolo da. Hiru behien zergak, ibilbide honen ardatz nagusiak, hala erakusten du eta Pax avant konpromisoak horren lekukotasuna ematen du.
Egin duzun edo egitera zoazen ibilbideak 50 kilometro inguru ditu, eta, honenbestez, autoz egin beharrekoa da. Geldialdiak kontuan hartuta, gutxi gorabehera ordubete eta erdi irauten du. Hasiera eta amaiera Izabako eta Eretako memoriaren etxeetan ditu. Bideko zorua ona da, nahiz eta ibilbidea bihurgunetsua den. Poliki egitera gonbidatu behar zaitugu; hartara, paisaia gozatu ahal izango baituzu. Ibilbidea egiten ari zaren bitartean, Larrako iraupen eskiko estazioan eta Eretako alpetar eskiko estazioan gelditu eta indarberritu ahal izateko saltegiak dituzu.
Neguko denboraldian, errepideak egoera onean daudela ziurtatu behar duzu, horietan ibili ahal izateko.

pincha sobre los círculos rojos Puentes Románicos Arrako Refugio Sima mojón 262 plateau Guillers Lagarretche
Izabako zubi erromatarrak

Izabako zubi “erromatarrak” bi bailarak batzen zituen Errege Bide zaharraren lekuko isilak dira.
Arrako

Ibilbideko toki magikoa da Arrako.
Angel Oloron aterpea

Azken urteotan abeltzaintza jarduerari mendikoa gehitu zaio, eta begien aurrean duzun paisaia eratu da.
D´Escurets sima

Lurrean dauden zuloek, besteak beste d´Escurets simak, paisaia berezia dugula erakusten digute, askotan nabarmendu gabe gertatzen den paisaia, hain zuzen.
Geltokia: San Martin Harria

San Martin Harria giltza elementua da bi lurraldeen arteko harremanean.
Geltokia: Plateau Guillers

Artzainen lantokia eta bizilekua.
Geltokia: Lagarretxeko begiratokia.

Mendietara igotzeko bidea, Frantziako aldetik.
Nahiz eta orain zabiltzan errepide honek 35 urte baino zertxobait gehiago besterik ez daraman irekita, garai batean bi bailarak batzen zituen ibilbide edo bide bat zegoen, eta, hortaz, duela mende batzuk bertako herritarrak batzeko bidea zen. Ibilbide hori –antzina “Errege Bide” esaten zioten- ibaiaren ondoan zihoan gailur garaietara heldu arte. Izan ere, egun oraindik horren aztarnak daude, besteak beste, harrizko zubi hauek. “Erromatar” esaten bazaie ere, badirudi Erdi Arokoak direla.
Bi kulturaren, berezko bi hizkuntzaren (uskara eta biarnoera) eta merkataritzako harremanaren topagune ziren ibilbidea eta horko zubiak. Egiten ari zaren ibilbideak ohiturazko abeltzaintzan du ardatz nagusia, baina, gainera, beste jarduera batzuk garatzeko eta emakume asko Frantziako aldera lanera joateko bidea eman zuen. Izan ere, Pirinioak gurutzatuta Frantziako alderdirantz espartin lantegietara joaten ziren emakume asko, familiaren ekonomia osatu ahal izateko. Udazkenean joan eta udaberrian itzultzen ziren. Asko beltzez janzten ziren, eta puska eraman ohi zuten buru gainean. Horrez gain, aulki txiki zuria eramaten zuten, bidea zihoazenean eseri eta atseden hartu ahal izateko. Irudi hori, “migrazio bidaia” eta, lagun taldetan mordokatuta, Maulera iristen zirenean izaten zuten alaitasun zaratatsua zirela eta, idazle batek enara izena eman zien (hirondelle).
Belaguako bailara, Arrako dagoen tokia, mendietatik jaisten zen izotz ibai batek sortu zuen. Espiritualtasunak eta lurtarrak bat egiten duten lekua da.
Hain zuzen ere, espiritualtasuna historiaurreko trikuharrian eta ermitan islatzen da. Lehenbizikoa monumentu megalitikoa da, 4.000 urte baino gehiago dituena! Nafarroa osoan hobekien gorde den hilobi ganbera da. Gainera, horren interesa handitzen du harrespil batek edo posizio bertikalean lurrean sartuta dauden harri zirkulu batek inguratuta egoteak. Lurperatzeko historiaurreko toki hau, garai batean, “beste bizirako zubia” izan zen. Zalantzarik gabe gurtzeko tokia.
Ermita askoz ere berriagoa da: 600 urte inguru ditu. Estilo zehaztugabea du, rococo estiloko erretaula eta Ama Birjinaren XIV. mendeko irudia. Belaguako ibar txikian barreiatuta zeuden bordetan zenbait hilabetetan egon ohi ziren artzainek eta nekazariek igandero behar izaten zituzten gogo zerbitzuetarako erabiltzen zuten. Trikuharriaren ondoan egoteak denboran zehar izan diren zibilizazioek onartu eta bere egin dituzten toki “magikoak” egon bazeudela antzemateko aukera ematen du.
Beste alde batetik, benta zaharrean egiten zuten merkataritzak islatzen du lurtarra. Imajinatu ezazu: inguru hau Belaguako nekazariak eta artzainak biltzeko gunea zen, batetik, eta Erronkari eta Baretos lotzen zituen ibilbidea bertatik igarotzen zen, bestetik; honenbestez, normala da merkataritza jarduera handia egotea! Ongi pentsatzen baduzu, baldintza horiek berberak izanik egun gauza berbera egiten jarraitzen dugu.
Pirinioetako inguru honetako mendi jarduerari azken bultzada 1968an aterpe hau egiteak eman zion. Mendia ikusteko eta horrekin harremana izateko modu desberdina ekarri zuten mendizaleek bailara hauetara: lantoki izateaz gain, gozatzeko eta aisialdia izateko toki ere bazela erakutsi zuten, hain zuzen. Horiekin batera, jakin-nahia ere iritsi zen, komunikazioetan zailtasunak zeudenez, beren baitan ixteko joera handia baitzuen bailara hauetako jendeak eta, ondorioz, galdera eta zalantza asko sortu baitzitzaizkion.
Egun, eraikina itxita dago, erabilera jakin bat bila diezaioten eta horretarako zaharberritu dezaten zain.
Hala eta guztiz ere, bi jarduera horien oinarria –gailurrak eta bazkatzeko larreak- nabaria da toki honetan. Lehenbizikoaren helburua gozatzea da; eta bigarrenarena, bizirik jarraitzea, edo... bi jarduerak bat al datoz bizirik jarraitzean?
Bi bailarak elkartzen dituen mendi garaiko toki hau, bertan euria erruz egiten badu ere, egiazko basamortua da. Inguruetara begiratzen baduzu, konturatuko zara paisaia harkaiztsua dela, bertan ez dagoela ibairik edo errekarik. Baina oker zaude! Horrelako paisaia batean, euri eta elur ura harkaitzetik iragazten da eta aldi berean harkaitz hori desegin egiten du. Zure oinen azpian lur azpiko ibai handiek zeharkatzen dituzten leize ugari daude. Hori dela eta, zenbaitetan, zapaltzen ari zaren lur hori pitin bat hondoratzen da edo zuloak edo simak sortzen dira, esate baterako, orain ibilbidean ikusten ari zarena. Orain ikusten ari zaren hau hemen dauden sima ugarietako baten ahoa edo sarrera da, eta paisaia harkaiztsu honek Larrako karsta osatzen du, adituek esaten dioten moduan.
“Azaleko basamortu” honetan, zenbait tokitan bakarrik ateratzen da ura azalera. Hortaz, imajinatzen al duzu zeinen garrantzitsua den abereentzat iturri horiek erabili ahal izatea? Hiru behien zergako Pax avant hitzarmenak, bazkalekuen erabilera orekatua ez ezik, iturburuena ere erabakitzen du.
Azken ohar moduan: konturatu al zara paisaia honetan bizi den zuhaitz bakarrak sustraiak harkaitzetan dituela? Mendi-pinua da, egur, izotz... eta lehorte! baldintza gogor-gogorrei aurre egiteko gai den zuhaitz bakarra.
Espainia eta Frantziaren arteko muga markatzen duen harrietako bat da San Martin Harria, hain zuzen ere, 262. zenbakia duena. Badirudi izen hori Poitiersko gudutik datorkiola, hau da, 732. urtetik. Gudu horretan, Carlos Martelek arabiarren armada garaitu zuen. Garaipen horren eta bere zaindari San Martinek egin zuen esku-hartze "miragarriaren" oroitzapena egiteko zenbait harri jarri zituzten beren bizilagunengandik bereizten zituen lerroan zehar. Egun dagoen harria ez da jatorrian jarri zutena, baizik eta XIX. mendearen erdialdera jarritakoa.
Baina gure ibilbidera itzulita, ibilaldiaren erdian zaude orain. Uztailaren 13a heltzen den bakoitzean, Hiru behien zerga egiten dute hemen, Baretosko eta Erronkariko biztanleen arteko konpromiso zuzena, hain zuzen.
Behin agintariak Harriaren inguruan biltzen direnean, egun horretan, Izabako alkateak (Erronkari bailara) biarnotarrei galdetzen die ea aurreko urteetan bezala "hortz-hagin, ile eta adakera” berdinak dituzten hiru behi ordaintzeko prest ote dauden. Baietz erantzun ondoren, Frantziako alkate batek eskua Harriaren gainean jartzen du, horren gainean Erronkariko batek, eta modu horretan, hurrenez hurren, alkate guztiek eskua jarri arte. Une horretan eta denek batera “PAX AVANT” hitzak esaten dituzte hiru aldiz. Ondoren, erronkariarren albaitariak hiru behiak aztertzen eta onartzen ditu, eta lau zaintzaile izendatzen dituzte. Lau zaintzaile horien lana da udan mendi garaietan dabiltzan abereen bazkatzeko larreak eta iturriak kontrolatzea urte batean. Eta ekitaldia amaitzeko, senidetzeko bazkaria egiten dute.
Hitzarmen honen gaineko lehenbiziko albiste idatzia epai bat da, 1375. urtean kokatzen duena. Dena den, epaiak adierazten du antzinako denboretatik datorrela. Aurreko urteetan borrokatxo batzuk gertatu ziren bi komunitateen artean, eta zorigaiztoko emaitzak izan zituzten: zenbait pertsona hil ziren.
Agintariek eta bailara bizilagunek bitartekotasuna egitea eskatu zuten eta erabaki zuten zerga hori betiereko ezartzea. Eta, hartara, bi bailarek nahi dutenez, urte mordoa daramate hitzarmena berresten. Hain zuzen ere, indarrean dagoen itun zaharrena da Europan.
Bi bailaren arteko adostasunei esker “artzainik gabeko artzaintza” egin dezakete. Ez da beharrezkoa artzaina ardien ondoan egotea etengabe; honenbestez, egunaren zati handi bat gazta egiten eman dezake.
Tradizioz egin izan duten gazta ardi esnearekin egindakoa da, eta, nahiz eta arraroa dirudien, oso desberdinak dira alde batean eta bestean egindakoak. Baretosko artzainek egiten dutena erronkariarrek egiten dutena baino handiagoa eta krematsuagoa da. Hain zuzen, desberdintasuna honetan datza: erronkariarrek mamiaren alea hausten dute, eta biarnotarrek, ez.
Erronkari aldean jada ez dituzte egiten gaztak mendiko bordetan, baina beste alde honetan, ikus daitekeen moduan, oraindik ere egiten dituzte.
Borda artzainaren etxea izan ohi da udan: bertan lo, lan eta jan egiten du. Horren ondoan gazitegiak daude: gaztak bertan jartzen dituzte ondu daitezen.
Ikusten duzunez, lanbide hau gogorra bada ere, oraindik ere askok jarraitzen dute egiten ingurunea errespetatzen duen abeltzaintza horren aldeko apustua. Errentagarritasunari bakarrik erreparatuko al diote? Ala sakonagoak diren beste arrazoi batzuk izango dituzte? Kontu hori gogoan izan dezakegu etxean egindako gazta bat, besteak beste hau, erosten dugunean.
Ibilbidean ikusiko zenuen moduan, gorantz egiten duzun neurrian, bazkatzeko larreak nagusitzen dira. Beherago dauden lurretan, bi bailaretan, abeltzaintza basoak ustiatzearekin bateratzen dute.
Pago, izei eta pinu egurra ustiatzea ere bada bailara hauetako ekonomiaren oinarria. Erronkari bailaran, behin mozten zituztenean, almadietan, hau da, enborrekin berekin egindako baltsetan, saltzeko guneetara garraiatzen zituzten. Izan ere, zenbaitetan, Tortosaraino iristen ziren (Mediterraneo). Baltsa horien gainean baltsa-gidariak ibiltzen ziren, Pirinioetako ibai zakarretan nabigatzen adituak ziren bertako pertsonak. Baretosen, zati bat ondoko bailarara, Aspera, garraiatzen zuten eta hortik, almadietan, Baionaraino. Beste zati bat, idien edo zaldien bidez, Oloroeraino eta hango eskualderaino eramaten zuten.
Betiere ustiatze iraunkorra egiten zuten: etekin ekonomikoa lortzen zuten, baina, aldi berean, basoari bere onera modu naturalean etortzeko aukera ematen zioten, eta, hartara, baliabidea bideragarria izan zedin ziurtatzen zuten.
Ibilbidean dagoen baso paisaia ederra da, baina are ederragoa da geltoki honetan. Iparraldeko mendi hegaletan, zuhaitzak ugariagoak dira, eta basoetan pagoak eta izeiak tartekatzen dira. Hegoaldeko mendi hegaletan, berriz, bazkatzeko larreak nagusitzen dira. Garaieran beherantz egiten baduzu, gainerako zuhaitz moten artean pinua nagusitzen dela ikusiko duzu.
Orain dela gutxi arte, basoak ustiatzea eta abeltzaintza funtsezko bi zutabeak ziren. Egun, bi zutabe horiek zaintzea giltza da ekonomia horien hirugarren zutabea finkatzeko, zerbitzuak eta turismoa, eta, era berean, hemen bizi diren animalia basati espezie ugariak zaindu ahal izateko.
Puentes Románicos
Arrako
refugio
Sima
Mojón 262
Plateau Guillers
Larraguetche
 
imagen tributo